Harria
HARRI-jasotzea
Harri-jasotzea harri bat lurretik hartu eta sorbaldaraino jasotzean datzan herri kirola da. Jarduera honetan dabilen kirolariari harri-jasotzaile deritzo.
Ibaietako uharriak edo mendiko harkaitzak aspaldi-aspaldiko garaietatik eskainiko zioten euskaldunari bere indarrak neurtzeko aukera erraza. Gainerako herri-kiroletan bezala dokumentu idatzi bakar bat ere ez zaigu iritsi harri-jasotzeari buruz.
Historia
Ziur aski, hau dugu kirolik zaharrena, baina historia motzena duena.
Ezer gutxi geratzen zaigu idatzita Arteondo handiaren aurreko garaiei buruz. Harri-jasotzaile hark eraman zituen harriak plaza publikora erakustaldietarako, harriaren pisu eta neurri -klasikoak- ezarriz. Bera iritsi arte, desafioak ez ziren ikuskizun programatua eta arautua izan.
Herriko patroiaren erromerietan, sagardoaren lurrinek odola eta burua berotuta, gazteek objektu bat bilatzen zuten beren indarrak neurtzeko. Eskuerago zegoena harkaitz sinple bat zen, eta apustuak egiten zituzten sorbaldan nork berdinduko.
Harria
XX. mendean apustua plaza publikora eraman zenean, publikoak erregelamendu bat eskatu zuen atletek erabilitako harrien pisuetan eta forman, hauen ezaugarriak finkatu eta proba-mota hauetarako erreferentzia izateko moduan.
Ordura arte erabilitako harkaitz-puska irregularra harginek arbastatu egin zuten, lau forma geometriko klasiko emanez: zilindroa, kuboa, esfera eta laukizuzena.
Forma zilindrikoa pisu txikienetarako erabili zen: 8 ,9 eta 10 arroba, 100, 112,5 eta 125 kiloren baliokide.
Harri kubikoa eta laukizuzena 10 eta 17 arroba artekoa da, 125 kilo eta 212,5 kiloren baliokide hurrenez hurren, tarteko pisu ohizkoenak 137,5, 150, 163,5, 175, 187,5 eta 200 kilo direla.
Harri esferikoa, modu arruntean bola izena duena, 9 eta 10 arrobakoa izaten da normalean.
Plaza
Harri-jasoketa baserriko edo harrobiko familia-esparrura mugatutako kirola izan zen Arteondo iritsi arte.
Publikoarentzat interesgarriagoak ziren bestelako indar-ariketak, pisuak erabiliz, estilo olinpikoan, edo berun-puskak, bulkada indartsu batez jaso beharrekoak. Baina Arteondok harri irregularrak zokoratu zituen, harri-jasoketari dimentsio berri bat emanez, eta forma eta pisu klasikoak finkatuz.
Victor Zabala Arteondok oso kirol-bizitza luzea izan zuen -1910 eta 1945 bitartean- eta bere aurkari nagusia Pedro Maria Txurruka Aritza izan zen.
Haien atzetik etorri ziren beste zenbait harri-jasotzaile:
Ziaran Zar, Ondartza, Errekartetxo, Usategieta, Soarte, Agerre anaiak, EndaƱeta eta Urtain.
Harri-jasotzea eskolan
Ikus-entzunezko honetan harri-jasotzaileen lana eskolan egiteko proposamen bat erakusten da.