XABIER LIZARDI

Hasteko, Jose Maria Agirre XABIER LIZARDIren bizitza eta obra erakusten dira olerki zati batzuez lagunduta.
Bigarren atalean XABIER LIZARDIren zazpi olerki irakurtzen dira:
Jose Maria Agirre XABIER LIZARDI
Zarautz, Gipuzkoa, 1896ko apirilaren 18a – Tolosa, 1933ko martxoaren 12a
Jose Maria Agirre Egaña, XABIER LIZARDI goitizenez, euskal idazlea izan zen, batez ere olerkaria. Zuzenbidea ikasi zuen, eta Tolosako enpresa batean sartu zen lanean.
Euskaltzaleak elkartea sortzen lagundu zuen, eta bere garaiko ekintza kultural eta politikoetan parte hartu. Gipuzkoa Buru Batzarreko kide eta buruzagi izatera iritsi zen. Esteban Urkiaga LAUAXETA eta Nicolas Ormaetxea ORIXErekin batera, bere aroko olerkari hoberena dugu.
Biotz-begietan, 1932an argitaratua, kritikariek oso aintzakotzat hartu zuten. Xabier Lizardi hil eta gero, Aitzolek haren Umezurtz olerkiak argitaratu zituen.
Gerra Zibilaren aurretiko olerkari lirikorik behinena, izadiaren —izadi edertuaren— olerkaria izan zen. Lizardiren prosa haren poesia bezain originala da. Itz lauz izeneko bilduman lehen mailako idazle, estilo pertsonal eta moderno baten jabe ageri da.
Izotz ondoko eguzki
Izotz ondoko eguzki,
neguaren barre:
olerkariak noizbait
hiri gorazarre.
Emeki duk itxaroz
piztu garai-larre:
udaberri-laminek
larreon batzarre.
Behetik nator, ibarrak
izoztuta utziaz.
Mendia jaiez dago
urrezko jantziaz.
Haren barrea dadat[1]
irrika biziaz,
gozatua baitu gaur
ezti bereziaz.
Udalehenak irria
ohi du zoro-ozena;
udarak, haragikoia;
udazkenak, bena;
negu-gau oskarbien
izotz ondorena
berriz, bakarra duzu:
denetan emeena!
Bai baitator urrundik
Gabonetarako
seme zaharra: bidean
elurpe du oro;
etxeko sutondoan
bixkortu ezkero,
ikus haren ezpainen
barreantxa gozo!
Bultzi-leihotik
Oi, lur, oi, lur!
Oi, ene lur nirea!…
Oi, goiz eme,
barre gozoz ernea!…
Arto musker,
mendi, baserri zaharrak;
ale gorriz
abailduta sagarrak:
oro laino
mehe batek estalia,
urrez oro
eguzkiak jantzia…
Nekazari,
gizandi bat iduri
soroan zut:
bejondeizula zuri!…
Zure bazter,
gurazko aberria,
doa zoro
ta (bertan ni) bultzia…
Oi, ene lur,
baninduzu zeurea,
zu landu, ta
zure sariz asea!…
Baina… ezin:
beheko behar goriak
narama… Agur,
soro, sagar, mendiak!…
Etxeko kea
Airean eder usoa,
mendi-mendian pagoa…
Etxe gaingorriak emana
kea dun ederragoa.
Basalurrez bidalari
ke urdina badut nabari
ai nire poza!, huraxe baita
gizalur ezagungarri.
Aurki, aldean, oiloa
maldan etzinik soroa
etxe zabal teilagorria,
aurrean intxaurrondoa…
Han dun bero, ta han dun bizi
Han, haur jolasen garrasi
Gauez, sutondora bilduta
eguneko lanen sari.
Nireganago, maiteño
aurki bata bestereino.
Amets!, inularreko izarra
zeruan piztu dedino
* * *
Eztai egunez, mahaiean
indi-oiloak sailean…
Ortzia bezin urdin, kea
teilatutik, bihurrean…
Leihotik, hogei baserri
mendiaren apaingarri
zenbait zabal ditun ageri
zenbait erdika nabari.
Batak besteak adina
ke guziek urdina
susmo ninan zeru goxoa
keok ote zen egina!
* * *
Maiteñoa zait hil atzo,
aretoan gorputz dago.
Leiho zabaletik mendia
haizeak eguzki giro.
Airean eder usoa
mendi-mendian pagoa
etxegainetan ederrago
biziaren ke mordoa.
Azti zitala belea,
herio-hondakin zalea
zerraldoa dagon etxetik,
hura bezin beltza… kea!
Parisko txolarrea
Txolarretxo, txolarre,
Paris erdikoa:
Bourse-ko iskanbilla
(gizon zoro batzarre)
ez ote naikoa
i izutzeko, axolakabe biribilla?
Farol itzali baten
txapel-gallurrera
etorri aiz txuxen
apur ostu bat yaten:
batetik bestera,
txapelaren muturrak arin dituk gaintzen.
Salto banakin, begi
ernaiak lurrera.
Ez aiz i makala:
begiraldi luzeegi
gabe, baator bˆra;
ez, alearen ordez, yasotzera azala.
Kafetxean bainago
astiaren yabe,
zer egin hoberik
(ezer ez gogarago),
muñak urtu gabe,
zerbait, alarik ere, gogo-yolas baizik?
Urte-giroak ene begian
IV ONDARGORRI Azaro-lˆna
Uda —suzko itsaso— baitut ibilli
gerizpe atsegin bat nuela untzi,
ondoaz legorra yo dit emeki:
ondarreta bat du, soil eta gorri.
(Itsasoak bai baitu, urrun-ertzean,
urre gorizko bidegoenean,
legor bat —odol uts iñularrean—
Eguzki nondik sar atsedenean…)
Aingura bota dut Arratsaldean:
oña dut ezarri Udazkenean…
* * *
Berriro igo nauzu ene mendira,
oroigarri zƒrrei maitez begira…
Andre Lurrak yaulki ditu igaliak;
zurbil dauka arpegia, itzal begiak.
Gurdibide bakan-ibil ertzetan
untza dago oraindik, nagi, loretan.
Or-emenka, lore zimel gañetan,
ingumak ari, gozo-miazketan…
Mitxeleta gorri, zarpil egoak:
aitatzeka atsotu diranetakoak.
Kemenak uts-eta nekez bainoa,
zalantza dut zƒrtu naizelakoa…
Udazkenak aulagotzen dit atsa,
orbelak ozenagotzen oin otsa,
aldapak larriagotzen biotza…
Lˆnetan ez bezin autsia natza.