Mirande

Jon Miranderen bizitza eta obrari buruz, olerki zatitxoz hornituta, azalpen laburra egin ostean haren hainbat olerki entzun ahal izango dira:
JON MIRANDE
(1925eko azaroaren 10a, Paris – 1972ko abenduaren 28a, Paris)
Parisera lanera joandako zuberotarren semea zen: ama Marie Aipharsoro zuen, Sohüta Xarokoa, eta aita, Jean Mirande, Garindainekoa. 1923an jaiotako arreba bat zuen.
Batxilergoa ikasi eta gero, 1944an Frantziako Finantza Ministerioan hasi zen itzultzaile lanetan, eta ogibide bera bizitza osoan mantendu eta gorrotatu zuen. Ez zuen inoiz lanpostuan gora igotzeko asmorik azaldu eta bere aisia literaturari eta bidaiatzeari eskaintzen zion.
Gurasoek Parisera iritsi zirenean apenas zekiten frantsesez; Mirandek ordea, ez zuen euskara ama-hizkuntza moduan ikasi. Hogei urterekin hartu zuen euskaraz ikasteko erabakia, eta harez geroztik gurasoekin beti zubereraz mintzatu zen; euskalki gehienak landu zituen eta batuaren defendatzailea izan zen, sortu baino lehenago.
Haren lehen idazlana 1948koa da, Gernika aldizkarian agertu zen. Urte berean, Piarres Lafittek Eskualtzaleen Biltzarrerako deitu zuen baina geroago bien arteko harremanak mikaztu egin ziren, ideologia desberdintasunak zirela medio.
ZERGATIK
Zergatik ikasi
ahanztekotz gero
ikasiak oro?
Zergatik ikhusi
hainbertze lurralde,
hainbat, hainbat jende?
Ezer ezin eutsi…
Zergatik laztandu?
Zergatik higuindu?
Bihar edo etzi
ni non naiz izango?
(Ai, ez naiz ordongo,
Nigar dagit asko
soin ‘ta bihotz-minez,
irazeki minez)
Zergatik, zertako
—nork erranen eni?—
hemen… hor… han… ni… (ni?)
IGELAK
Aintziko urerat
ilhargi-laurden bat erori zan
zuri, jori,
gauko zitu zori:
igelek jan dute, igeltto igeldariek.
Orain, berriz,
intzirika dagoz igel, igelttoak.
igel, igeltto xoroak…
Gau-minean
aintziko igelek dute, ai, ei!
ilhargi-min.
NESKATXAK
Neskatxak, maite zaituztet,
hamabortz urtheko neska
—haur segailok, gazi-gezok.
Zuen begi-aintziretan
ezinbertzez gainbetheak,
hondatzen naiz, ithotzen naiz
Neskatxak, zuek zarete
ezti gozo, esne, gari
ene gose handietan.
Bazabiltzan
ahizpa gazte bi dantzan
(zein eremutan, ahantz dut…)
Heien beso luze-luzeek
niri eresiz ziostaten
ziraun-poema samin bat.
Kattalin
Jon Mirande, «Clementine» england doiñuz
Etxe txiki txukun baten
zure aite t’amekin
zinan bizi, zintzo bizi
ene maite Kattalin.
Ene maite, ene maite,
ene maite Kanalin,
sekulako ta betiko
galdu zaitut Kanalin.
Bainan eder zinan zinez
zine izar bat bezin.
Ille gorri (baita zorri)
zuk bazenun Kattalin.
Ene maite…
Ibaiera zinan joaiten
zure ahate beltzekin.
Goiz batean, bat batean
ito zinan Kattalin.
Ene maite…
Lertu arte zenun edan
sabel bete ur zikin…
Nik bai minez, min saminez
negar egin Kattalin.
Ene maite…
Illerrian bada lore,
euzki lili krabelin.
Zu zaituzte badut uste
ongarritzat, Kattalin.
Ene maite…