LAUAXETA

Hasteko, LAUAXETAren bizitza eta obra erakusten dira olerki zati batzuez lagunduta.
Bigarren atalean LAUAXETAren sei olerki irakurtzen dira:
Estepan Urkiaga LAUAXETA
Laukiz, Bizkaia, 1905eko abuztuaren 3a – Gasteiz, Araba, 1937ko ekainaren 25a
Durangoko jesulagunen ikastetxean latina eta erretorika ikasi ondoren, abadetza-ikasketak egin zituen Loiolan eta Oñan, baina mezaberria eman baino lehenago utzi egin zuen komentua. Loiolan euskaltzaletu eta literatur zaletu zen, aita Estefania irakasle euskaltzalearen eta Euskal Akademia osatzen zuten lagunekin, Zaitegi eta Ibinagabeitiarekin, besteak beste, Garai hartan latineko klasikoen itzulpenak egin zituen.Haur zela, Mungiara joan zen bizitzera familiarekin.
Heziketa klasikoa izan zuen, eta literaturako klasikoak euskaratzen aritu zen luzaro. 1928an Jesusen Lagundia utzi eta Bilbora joan zen, han Euzkadi egunkariko euskal ataleko zuzendari izan zen, Orixerekin batera lehenbizi eta bakarrik gero.
Han idatzi zituen hitz lauz, euskaraz eta gaztelaniaz, hainbat artikulu. Euzkadin ez ezik, Jesus’en Biotzaren Deya, Jaungoiko-zale, Ekin, Euzkerea eta Yakintza aldizkarietan ere idatzi zuen.
Europako literatur joerak ondo baino hobeto ezagutzen zituen, mitinak ematen zituen, kultur ekitaldi eta irratsaioetan parte hartzen zuen, euskara irakasten zuen, herri-abestien bilketa bultzatu zuen, poeta gazteei laguntzen zien. Hitz batean euskararen eta Euskal Herriaren aldeko langile nekagaitza zen Lauaxeta.
Amaiur gaztelu baltza
Amayur gaztelu beltz ori
-berrehun gudari oso sumin-
zaintzen zaituben zaldun onak
Naparra-aldez egin dabe zin.
Izkillu gorriz zenbat gazte
bildur-bako menditar lerden.
Eta horreik, Yatsu jaun horreik,
Jabier’eko zaldun gure.
Ikurrin bat -kate ta lili-
torre goitijan zabal dago.
Bera salduko daun semerik
mendi honetan ezta jayo.
Amayur’ko ate-zain horrek
zidar-turutaz oyu egik.
Baztan ibarran zenbat etsai,
arrotz-gabe eztago mendirik!
Etsiturik Amayur dauko
Miranda’ko konde Españarrak.
Horreik bai burnizko janzkijak,
ta urrezko ezpata-sagarrak!
Berekin dator, bai berekin,
Lerin’go eto horren semia.
Txakur txarrak jango al dabe,
herri-bako zaldun dongia.
Itauna
Maitatzen bazaitut, itaundu dautsozu
leyuan klisk-dagin illargi-izpijari.
Larrosa zuriko txindor kantubari
itza artu eziñik gaba igaro dozu.
Axiari itaundu dautsozu legunki:
berak baña jolas dagi zeure ulian.
Ete dakije ezer ixarren unian?
Mosu dagitzube gustijak kutunki…
Itaundu dautsozu zeru garbijari,
itxasoko uiñai ta ixadi orori.
Maitasun orretzaz baña, maite ori,
ez dautsozu itaundu zeure bijotzari!
Itsasora!
Soñutzik ontzi-puntan, sakoneko lemazain,
itxaso-barne nua zidor ezezaunen gain.
Ondartzan oro laga! —arriskubak darraigu—,
Lur-barri billatzale ametsa lagun dogu,
Liorreko lokatzok geure malkoz egiñak.
Arnas artzeko, billau
amaibako urdiñak.
Euren solas utzakaz gixonak lotzen gabez;
Azkatasun oldiak ilten dira atsekabez.
Aurrera! Iparraldian edur-mendi ixoztubak,
eta ugarte otzetan lamiñen gaztelubak.
Eruango zaitubet:
—eunak arro axian—.
Itxaropena bai dot begi onein ganian.
Bide barrijak nai dauz abendaren kezkeak:
Lar lurrari egon da.
Zabaldu osertzeak!
Ekintza gurenentzat landa au dan zabala,
Izki-mota orontzat burdinori garbala
Geure itxaso gogorra, abendak maite zaitu!
Zeure altzora gatorz, lurra ba txiker yaku.
Indar irakasle oi,
kendu odei ta laño!
Lili negarra
Mungija’ko ibai ederra,
len gardena, oin ugerra.
Aren altzuan murgildu baita neska liraña.
Goxian goxik latsean,
lats garbijaren ganian
lora bat legez aurkitu eben neskutz bikaña.
Oyal garbitzen arrijan,
oñak erreka garbijan,
goxaldero zan gogai samurrak maite onduan.
Lugin baten irudija,
oron ixilik maitia,
oron ixilik sarturik eukon bere goguan.
Mungija’ko ibai zabala,
ibai ederra bai’dala!
Itxasorantza loraz darua urlo apala.
Lugin mutillak ertzetik
maitasun onez beterik
oroigarritzat eskeiñitako lora zurijak.
Lora bat ibai erdijan,
bitsezko otzara zurijan
neska leunari bialdu eutson lugin gastiak.
«Lili-gorri, lili-gorri,
ire marguak dirudi
espan-loretan maitiak loran daukon marrubi».
Mungija’ko ibai urdiña,
len gardena, oin zikiña.
Zeure altzuan neskak dakustez lora zurijak.
«Ator neure eskubetara,
neure esku garbijetara,
maitian ule kizkorren antza bere orrijak».
Neure larrosea
Neure soloko larrosea,
maitasun odolez ernea,
lorondorik nok ostu zaitu?
Goxaldeko malkoz bustita
sortu ziñan lora polita,
zein eskuak banatu gaitu?
Zeure bikaintasun arruba
mitxeletak loitu bakuba,
espanen batzuk ausi dabe?
Axiaren maitalarija,
ortzargi malkoen abija,
gizonak dira zeure jabe?
Ondo zainduko larrosea,
larrosa orotan maitea,
nok lorrindu zaitu, liraña?
Illuntzeko bake aldian
nire maitasunak ekian
zure ametsezko usaña…
Nun zagoz, larrosa kutuna?
Zeñek dagi zeure zoruna,
neure larrosatxu maitea…
Edertasunarren lagarik,
neure soloan loitu barik
euki zindudan larrosea?
Langile erahildu bati
Ene Bizkai’ko miatze gorri
zauri zarae mendi ezian!
Aurpegi balzdun miatzarijoi
ator pikotxa lepo-ganian.
Lepo-ganian pikotx zorrotza
eguzki-diz-diz ta mendiz bera.
Ator bideskaz, —goxa sorbaldan—,
kezko zeruba yaukon olera.
Opor-otsa dok txaide zabalan,
—ukabil sendo, soñanzki urdin—.
Jaubiak, barriz, nasai etzunda,
laguntzat auke, i, urrutizkin.
Aurpegi balzdun miatzarijoi
ari bittartez deyak yabiltzak.
Bideskan zelan dirdir-yagijek
txapel-okerren kapela baltzak!
Orreik yaukoen gaizkin-itxura
sispa luziak lepo-ganian!
Ene Bizkai’ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!
II
Mendiz bera lau txapel-okerrez
aurpegi balzdun miatzarija.
Begi baltz orreik sastakai dozak
baña zatittu ezin esija.
Noruntz aroe esku-lotuta
burni margodun gorputz gogorroi?
Sendua ba’intz, etsai-odolez
bustiko eunkek pikotx zorrotzoi!
Nerbion-ertzok, —tranbi-dardara—,
azkatu-nayez, zenbat alegin!
Baña olaen zarata-artian
aren ayotsik adittu-ezin!
Sispa luziak sutan yagozak,
—opor-zaratak txaide zabalan—.
Aurpegi balzdun miatzarijoi
igeri adi eure odolan…!
Txapel-okerrak edango yabek
ardao onena Gomez-etxian.
Ene Bizkai’ko miatze gorri,
zauri zarae mendi ezian!