Iparragirre

Hasteko, Iparragirreren bizitza eta obra erakusten dira olerki zati batzuez lagunduta.
Bigarren atalean Iparragirreren zazpi olerki irakurtzen dira:
Jose Maria Iparragirre
Urretxu, 1820ko abuztuaren 12a – Itsaso, 1881eko apirilaren 6a
Haren bizitzako 60 urtean izan zituen Euskal Herriak bere historiako eraldaketa garrantzitsuenetariko batzuk. Eraldaketa horiek Erregimen Zaharraren krisialdiarekin hasten dira, gero krisi horren ondorioz karlistaldiak etorri ziren, eta Iparragirreren bizitzaren hondarrean Euskal Herriko industrializazioa izan zen.
Arteari dagokionez, Erromantizismoaren arrakasta garaian bizi izan zen Iparragirre, eta horrek haren estiloan eragin nabarmena izango zuen, gizabanakoaren errealizazio pertsonalerako eta askatasun kolektiborako sentimendua eta irrika indartuta. Hori islatuta ageri da Jose Maria Iparragirreren jarduera guztietan, hala nola haren olerki eta abestietan.
Bertsolaritza zaharrean Euskal Herriko Erromantizismo artistikoaren pertsonaiarik nabarmenena da, eta haren Gernikako Arbola ereserkia euskaldunen nortasun ikur bilakatu da.
Agur Euskal Herriari
Gazte gaztetandikan
herritik kanpora,
estranjeria aldean
pasa det denbora. (Bis)
Herrialde guztietan
toki onak badira,
baina bihotzak dio:
Zoaz Euskal Herrira. (Bis)
Agur nere bihotzeko
amatxo maitea!
Laster etorriko naiz
kontsola zaitea. (Bis)
Jaungoikoak, ba, nahi du
ni urez joatea;
ama zertarako da
negar egitea? (Bis)
Lur maitea hemen uztea
da negargarria.
Hemen gelditzen dira
ama ta herria. (Bis)
Urez noa ikustera,
bai, mundu berria;
oraintxe, bai, naizela,
errukigarria. (Bis)
Ezkongaietan
Ezkongaietan zerbait banintzan
ezkondu eta ezer ez; (Bis)
eder zalea banintzan ere
aspertu nintzan ederrez
nere gustua egin nuen ta
orain bizi naiz dolorez
Nere andrea andre ederra
ezkondu nintzan orduan, (Bis)
mudatuko zen esperantzarik
ere bat ere ez nuan,
surik batere baldin badago
maiz dago haren onduan.
Zokoak zikin, tximak jario,
haurra zintzilik besoan; (Bis)
adabaki desegokiagorik
gona zahar haren zuloan;
hiru txikiko botila handia
dauka bere alboan.
Nere andrea goiz jeikitzen da
festara behar danean; (Bis)
buruko mina egiten zaio
hasi baino lehen lanean.
Zurekin zer gertatuko zan
nik bildurrik ez nuan!
GERNIKAKO ARBOLA
Gernikako arbola
Da bedeinkatuba,
Euskaldunen artean
Guztiz maitatuba.
Eman da zabaltzazu
Munduban frutuba;
Adoratzen zaitugu
Arbola santuba.
Mila urte inguru da
Jainkoak jarrizubela
Gernikako arbola.
Zaude bada, zutikan
Orain da denbora,
Eroritzen bazera
Arras galdu gera.
Etzera eroriko,
Arbola maitea,
Baldin portatzen bada
Bizkaiko Juntia.
Laurok artuko degu
Zurekin partia,
Pakian bizi dediñ
Euskaldun jentia.
Gitarra ZAHARTXO BAT
Gitarra zahartxo bat det
nik nere laguna
horrela ibiltzen da
artista euskalduna, (Bis)
egun batean pobre
besteetan jauna
kantatzen pasatzen det
nik beti eguna.
Nahiz dela Italia
orobat Frantzia
bietan bilatu det
anitz malizia (Bis)
ikusten badet ere
nik mundu guztia
beti maitatatuko det
nik Euskal Herria.
Jaunak ematen badit
neri osasuna
izango det oraindik
andregai bat ona. (Bis)
Hemen badet frantsesa
interesaduna
baina nik nahiago det
hutsik euskalduna.
Agur Euskal Herria
baina ez betiko
bost edo sei urtetan
ez det ikusiko (Bis)
Jaunari eskatzen diot
grazia emateko
nere lur maite hontan
hezurra uzteko.
NERE MAITEARENTZAT (ume eder bat)
Ume eder bat ikusi nuen
Donostiako kalean,
itz erditxo bat ari esan gabe
nola pasatu parean?
Gorputza zuan liraina eta
oinak zebiltzen aidean,
politagorik ez det ikusi
nere begien aurrean.
Aingeru zuri, pare gabea,
Euskalerriko alaba,
usterik gabe zugana beti
nere biotzak narama.
Ikusi naian beti or nabil,
nere maitea, au lana!
Zoraturikan emen naukazu
beti pentsatzen zugana.
Galai gazteak galdetzen dute,
aingeru on nun ago?
Nere maitea nola deitzen dan
ez du inortxok jakingo;
ez berak ere ez luke naiko,
konfiantza orretan nago.
Amoriodun biotz oberik
Euskalerrian ez dago.
NERE AMAK BALEKI
Zibilak esan naute
Biziro egoki
Tolosan biar dala
Gauza erabaki.
Giltzapian sartu naute
Poliki poliki
Negar egingo luke
Nere amak baleki.
Jesus tribunalian
Sutenian sartu
Etziyon Pilatosek
Kulparik bilatu.
Neri ere arkitu
Ez dirate barkatu
Zergatik ez dituzte
Eskubak garbitu.
Kartzelatik aterata
Fiskalaren etxera
Abisatu ziraten
Juateko beriala.
Ez etortzeko geyago
Probintzi onetara
Orduan artunuan
Santander-aldera.
NERE ETORRERA LUR MAITERA
I
Ara nun diran mendi maiteak
Ara nun diran zelayak
Baserri eder zuri zuriak
Iturri eta ibayak.
Endaian nago zoraturikan
Zabal zabalik begiak
Ara España… lur oberikan
Ez du Europa guziak.
II
Gero pozik bai Donostira
Okendo-ren aurrera
Zeru polit au utzi bearra
Nere anayak, au pena!
Iru txulueta maitagarria
Lore tokiya zu zera
Beneziaren grazi guztiak
Gaur Donostian dira.
III
Oh, Euskalerri eder maitea
Ara emen zure semea
Bere lurrari muñ egitera
Beste gabe etorria.
Zuregatikan emango nike
Pozik, bai biziya
Beti zuretzat il arteraño
Gorputz eta anima guzia.
IV
Agur bai Donostiako
Nere anai maiteak
Bilbao-tikan izango dira
Aita zarraren berriak.
Eta gañera itz neurtuetan
Garbi esanez eginak
Sud-Amerikan zer pasatzen dan
Jakiñ dezaten erriak.