Aresti

Gabriel Arestiren bizitza eta obrari buruz azalpen laburra egin ostean haren hainbat olerki entzun ahal izango dira:
GABRIEL ARESTI
(Bilbo, Bizkaia, 1933ko urriaren 14a – Bilbo, 1975eko ekainaren 5a)
Gurasoak baserritar jatorriko ‘euskaldun galduak’ zituen eta 12 urterekin hasi zen euskalduntzen: “Egondu nintzen ordu luzeak euskal liburuen ganean, izaera berbakintzea geureak estudietan”.
1954an, 21 urte zituela, argitaratu zituen lehen poemak eta hamar urte geroago, 1964an bere lanik esanguratsuena, Zarauzko Itxaropena Argitaletxearekin: Harri eta Herri.
La Tertulia de la Concordia deituriko bilgunean Blas de Otero eta Gabriel Zelaia poetak izan zituen solaskide eta bere poesiagintzan erreferentzia nagusi bihurtu ziren, Espainiako Antonio Machado bezalakoekin batera, eta eragin horiek poesia sozialaren bideak harrarazi zizkioten: Arestirentzat, literatura oro da soziala.
Poesia herriaren kontzientzia pizteko arma baliagarria dela eta literatura gizartea aldatzeko gai dela uste osoa zuen:
Esanen dute / hau / poesia / eztela,/ baina nik / esanen diet / poesia / mailu bat/ dela
(‘Poesia’, 1963)
Literaturako genero guztiak idatzi zituen: poesia, narrazioa, antzerkia eta saiakera. Kriseilu antzerki taldearekin elkarlanean, euskal antzerki berriaren aitaponteko izan zen.
EGIA BAT ESATEAGATIK
Egia bat esateagatik,
alabak
hil behar bazaizkit,
andrea
bortxatu behar badidate,
etxea
lurrarekin
berdindu behar bazait;
Egia bat esateagatik,
ebaki behar badidate
nik eskribitzen
dudan
eskua,
nik kantatzen
dudan
mihina;
Egia bat esateagatik,
nire izena
kenduko badute
euskal literaturaren
urrezko
orrietatik,
inoiz,
inola,
inun
eznaiz
isilduko.
Gabriel Aresti , 1963
NIRE AITAREN ETXEA
Nire aitaren etxea
defendituko dut.
Otsoen kontra,
sikatearen kontra,
lukurreriaren kontra,
justiziaren kontra,
defenditu
eginen dut
nire aitaren etxea.
Galduko ditut
aziendak,
soloak,
pinudiak;
galduko ditut
korrituak,
errentak,
interesak,
baina nire aitaren etxea defendituko dut.
Harmak kenduko dizkidate,
eta eskuarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
eskuak ebakiko dizkidate,
eta besoarekin defendituko dut
nire aitaren etxea;
besorik gabe,
sorbaldik gabe,
bularrik gabe
utziko naute,
eta arimarekin defendituko dut
nire aitaren etxea.
Ni hilen naiz,
nire arima galduko da,
nire askazia galduko da,
baina nire aitaren etxeak
iraunen du
zutik.
Gabriel Aresti , 1963
SOUVENIR D’ESPAGNE
SOUVENIR D’ESPAGNE POUR MESDEMOISELLES SOLANJE ET HELENA GEREZIAGA
Hau da Bilbo, esan zuen gizonak.
Kapela zuria zeraman gizonak, eta
Hau da Bilbo, esan zuen. Hau da
Pinturaren Museoa, esan zenuten.
Peut-ˆtre, esan nuen, ez dakit.
Ez nekien. Ta zer? Ez naiz lotsatzen.
Zergatik burjesa egonen da
museo honetan izenez, laudorioz,
(Halako konteak eman zuen pintura hau),
pilotuaren eta marineruaren
izenak
hilobi baten gainean ez daudenean?
Zer da hori? Seinalatu zenuten leihotik.
Deustuko Eskola. Jesuitena.
Ez, hangoa. Egurrezko etxe haek.
Ijitoak, esan nuen lotsaturik.
Urrutian entzuten zen trumoia.
Grekoa. Goia.
Gabriel Aresti , 1963
MALDAN BEHERA
UNTERGANG
Egun honetan nire gogoak
utzi nai baitu mendia,
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Honera etorri baino leen ongi
ezautu nuen herria;
txiki-denporan eduki nuen
han ene bizitegia.
Ama maiteak emaro niri
ematen zidan ditia:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Honera ekarri nuen handikan
nire tristura haundia,
gizon doilorrek egin zidaten
bidegabe itsusia.
Orain zikina, zitala banaiz
orduan nintzen garbia:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Mendi gailurrak ikusi zidan
arduraz penitentzia,
haranerantza ibiliteko
eman zidan lizentzia;
hari entzunik dirudit orain
hegaztina kantaria:
MALDAN BEHERA DOA AGURO
NIRE GORPUTZ BILUZIA.
Gabriel Aresti , 1959