Kausazkoak
Kausazko perpausek mendeko perpausen artean multzo jakina osatzen dute gure gramatiketan.
Gertaera baten kausa edo adierazpen baten azalpena emateko erabiltzen ditugu kausa perpausak.
Formaren aldetik, hala ere, modu askotara era daitezke perpausok, postposizio batekin edo beste batekin, adizki jokatuarekin edo jokatugabearekin…
-(e)LAKO
Egitura honek zergatik? galderari erantzuten dio eta kausazko egituren artean berau da kausaltasuna modu zuzenago batez adierazten duena. Formarik hedatuena -lako da. Hona hemen adibide bat:
• **Zergatik joan da? >>> *Berandu delako joan da.*
-lako gehienetan perpausaren galdegaia izaten da; beraz, aditzaren aurre-aurrean jarri behar da.
-lako atzizkia menpeko perpausaren amaieran jartzen da, honela perpaus nagusiarekiko lotura egiten duelarik. Horregatik ezezko perpausetan ez-ohiko ordena izango dugu.
• **Zergatik eman didazu? >>> *Nahi dudalako eman dizut.*
• **Zergatik eman didazu? >>> *Galderarik egin ez didazulako eman dizut.*
-LA BIDE / -LA KAUSA / -LA MEDIO
Egitura horiek -LA konpletiboaren gainean eraikita daude bide, kausa eta medio hitzak gehituz. Hona hemen zenbait adibide:
• **Krisialdia dela kausa, oso zaila da lana aurkitzea.
• *Lege berria dela medio, istilu asko sortu dira.*
• **Errepideen egoera txarra dela bide, istripu asko gertatu dira.
-T(Z)EAGATIK / -T(Z)EARREN
Bi egitura hauek baliokideak dira eta aditz-izenari -agatik eta -arren erantsiz eratzen dira.Kausaltasun esanahi handia dute eta zergatik galderari zuzen erantzuteko balio dute.Maiz, galdegai izaten dira. Halakoetan, perpaus nagusiko aditzaren aurrean jarri behar dira.
• **Zergatik zigortu duzu? **Hitz egiteagatik. **Hitz egitearren.
• *Nirekin ez ibiltzeagatik gertatu zaizu hori.*
ETA eta BAIT
-(e)lako egiturak baino kausaltasun zentzu ahulagoa du. Egitura hau oso erabilia da baieztapen baten ondoren argibideak eman nahi direnean. Beraz, ez dio galdera zuzen bati erantzuten eta ez da galdegai izaten. Perpaus nagusiaren atzealdean etorri ohi da.
Busti egin naiz, euria ari zuen eta.
Gaur idazlana egingo dugu, bihar txango bat egitera goaz eta.
BAIT-
Aurreko egituraren antzekoa da hau. Kokapena, ordea, ez da perpausaren amaieran, menpeko aditzaren aurrean baizik.
• **Ez naiz nekatuko, ondo lo eginda bainago.
• **Gaindituko du, ez baitago bera baino hoberik.
Bistan denez, bait- aditz laguntzaile edo trinkoari lotuta idazten da. Honek zenbait aldaketa fonetiko eragiten ditu. Hona hemen eskema bat:
• T + D > T baita, baitago
• T + G > K baikara, beikenuen
• T + H > H baihaiz
• T + Z > TZ baitzara, baitzen
• T + N > N bainaiz, bainago