Alborakuntza
Emendiozko, hautakaritzako, aurkaritzako eta kausazko alborakuntzak nola egiten diren erakusten da.
(ez…, ez / bai…, bai… / -la…, -la / zein…, zein… /, bata…, bestea / hala…, nola… / alde batetik…, bestetik / ez ezik, ere… / ez bakarrik, ere… / edo…, edo… / ala…, ala… / nolako…, halako… nora…, hara… / non…, han… / zer…, hura…)
Alborakuntza
Perpaus bakunak eta elkartuak testu osoak eratzeko konbinatzen diren heinean, elkarketa desberdinak aurki daitezke ere, bai izaera semantikodunak eta baita jite testualekoak ere (lokailuen edo marka testualen sartzea).
Niri ez zait gustatu. Joni, ordea, izugarri gustatu zaio.
Alborakuntza elkarren artean esanahiaren aldetik inolako lotura semantikorik ez daukaten perpausak kateatzea da:
Koldo bulegora joan da; ni etxean geratu naiz.
Emendiozko alborakuntza
Bigarren perpausak aurrekoak esandakoari zerbait gehitu edo gaineratu egiten dio:
Ez du berak lanik egiten, ez niri lan egiten uzten.
Bai zu, bai Agurtzane, bai Karmele gonbidatuta zaudete.
Etxea dela, lana dela, erosketak direla, gainezka nago egun osoan.
Nahiz irabazi, nahiz galdu, berdin berdin kobratuko du.
Zein hori egin, zein bestea egin, elkarren antzeko.
Hala hori, nola bestea, biak dira oso onak.
Herritar guztiak, nola gizon hala emakume, hara bildu ziren.
Aurkaritzako alborakuntza
Juntagai bien arteko aurkaritza edo kontrastea adierazteko erabiltzen da:
Alde batetik interesatzen zaigu; bestetik garestiegia da.
Batzuk oso ondo daude; beste batzuk ez daude hain ondo.
Batekin gustura egon da; bestearekin, ordea, ez da ondo moldatu.
Kausazko alborakuntza
Hala… nola… egituraren antz-antzekoa da, baina hemen kausa adierazten du. Sarritan aditza ezabatu egiten da:
Nolako aita, halako semea.
Eguzkia nora, zapiak hara .
Umeek, badakizu: zer ikusi, hura ikasi.
Hautakaritzako alborakuntza
Juntagai bi edo gehiagoren arteko aukera edo hautaketa adierazteko erabiltzen da:
Edo sartu , edo irten, baina ez gelditu hor erdian.
Ez dut ulertzen: ala ez diote ezer esan, ala ez zaio interesatzen.