ORIXE

Hasteko, ORIXEren bizitza eta obra erakusten dira olerki zati batzuez lagunduta.
Bigarren atalean ORIXEren lau olerki irakurtzen dira:
Nikolas Ormaetxea ORIXE
Orexa, Gipuzkoa, 1888ko abenduaren 6a – Añorga, Gipuzkoa, 1961eko abuztuaren 9a
Nikolas Ormaetxea Pellejero 1888ko abenduaren 6an jaio zen Orexa gipuzkoar herrian, Iriarte baserrian. Hori bai hazi, Nafarroako Uitzin hazi zen. Paulo Iztuetak haren biografia idatzia du Orixe eta bere garaia lanean. Iztuetaren esanetan, elkarren artean itxuraz baizik zerikusirik ez duten bi gertaerak markatu zuten Orixeren nortasuna. Lehenengoa amaren maitasunik eza izan zen: hirukien artean jaio zenez, amaren altzotik bereiz hazi zen; bigarrena, berriz, Jesusen Lagundiko kide izan nahi zapuztua: 35 urterekin, jesuiten artetik kanporatu zuten Orixe.[1]
Hamazazpi urte zituela, Jesusen Lagundikoekin ikastera joan zen, Xabierra. Bertan humanitateak ikasi zituen, eta gero Loiolara joan zen ikasketa berdinak jarraitzera. Burgosen erretorika ikasi zuen eta Oñan filosofia. 1914. urtean amaitu zituen eliz-ikasketak. Comillas, Carrion eta Tuteran ere ibili zen ordutik aurrera irakaskuntzan.
Bilbora joan zenean laikotasunean murgildu zen eta bertan izan zuen Euskaltzaindiarekin lehen kontaktua, erakundeak hiri hartan baitzuen egoitza nagusia. Euskara maila profesionalean lantzen jarraitzeari ezin uko egin eta talde-lanean jardun zuen Azkue, Olabide eta beste hainbat idazle ezagunekin.
1931. urtean Orexara itzuli eta Gerra Zibila hasi aurretikoa, izan zen Orixeren aldirik oparoena. Euskaltzaleak elkartearen aginduz itzuli zen bere jaioterrira, Olerkigintzan nabarmendu zen aro horretan, mistika eta folklore-ildoko olerkigintzan, hain zuzen.[2]
Getsemani, nire baratza
I. NERE BARATZA
Baratz eder, bakar, ixil; etxea dut inguru.
Bost zugatz mardul, arnariz beterik adaburu,
txertaka, landare xume, denak lorez mukuru:
emen deramat eguna nere baitan ekuru.
Nere gelak, ate, leio, lurraren berdin ditu;
barren ortan egun argiz ezin naite gelditu.
Baiñan edertasun ontan, Jaunaz nola kupitu?
Aren albo kokatzeko bi begiak itxitu.
Begien zoramenari egin badiot uko,
Ikasle aien antzera ez nau loak artuko?
Ur-xurruxta dut erdian: onek nau esnatuko.
Eihara-zaina bezala ez al nau sogortuko!
Zil bekit gogoratzea nere zenbait naigabe;
nere poz aundiak ere an asiak dirade.
Nere gogoramenean ongi gordeak daude!
Zurekin berritzen ditut etortzean urtabe.
Or erdian, nere Jauna, zaukat iduritara,
jasan-bearrak oroituz, gorputzean ikara.
Kristau zintzoen xoko dan Getsemani landara
bilduko naiz berriz ere; betoz gurekin ara.
Ikasleak bezain argal ba dakizu naizena;
emaidazu, saiets ortan esertzeko baimena.
Oroi naiz Jainko bezala barnean zauzkadena.
Zurekin biotzik biotz egingo dut otoitz bena.
Ur-xurruxta dut barneko musikaren laguna.
xurrut orrek guritzen du biotzaren barruna.
Zertako gogoetatuz alper neka garuna?
Ein dezadan bizkor otoitz, izekiz maitasuna.
Utsaren antza
—Nor naiz? —Utsa naiz. Ez; uts naizela
garbi dakidalazkoa.
Emai au ere Iaunak emana:
leenago bezain uts noa.
Au nauzu; utsa naiz. Ez da aspergarri
nire betiko leloa.
Utsak ez baitu gairik, antz-bakar
geldi-bearra du beti;
alaare ez inork utsak adin bat
antz bere baitan iduki.
Igeskorrago ta antzgarriago.
Zer utsa bezain igesi?
Ez du arriak ur isurkaiak
ainbat antz beregan artzen;
itsas-uginak so dagonari
beti berririk agertzen,
leer diran oroz adats berri bat
aparrean dute eratzen.
Aizea arego: zeru eta lur,
mendi, zelai, leize-zulo,
orri ta belar, itzal, oiartzun,
apar, odei eta laino…
bere baitan du, naiz iraizean,
antz berririk dun gauz oro.
Utsa areago: artzen du antzik
ez dun Iainkoaren antza…
Uts geldi nadin, geldi nadi ilun
Iaunari emanez aintza,
diranak oro baino geiago
artuz guzien kerantza.
Miramar 1954
Anima mea desideravit te in nocte.
(Is)
Nere barrenak gauez irrikatzen zaitu.
Betieran sartzen ote naiz asia
tarteka bederen? Ez muga, ez aldi,
ez tarte laisterrik; betaren barnean
beti dan Arekin bete nago geldi.
BAT. Ala zakurra eizez dabillala,
isats-eraginka, ikara belarri;
baiñan oillagorra suma dula, kuzkur,
batera biltzen tu, lotuz gorputzari.
Buru ta biotza alde banatara
doazkit egunez, bi liran iduri;
gauaren mendean bat biurtzen dira
ezin bakanduaz: orduun naiz bat-bat ni.
Gauezko pakean egin ez duenak
otoitza xortzeke, zer dan ote daki?
Gauak? Ixillak? Zerk ote nauka kuku?
Indar oro batuz zer ote naiz ari?
Egonean jardun, jardunean egon,
eragiñik gabe norbaitek naragi.
BETA, Jainkoaren beti’ren antzera
noiz asi, noiz buka, ezer ez dit neri.
Tarte onek ez du laisterrik; egonak
aaztuazi dit noiz otoitza nun asi.
Ari naiz, ba nago. Betaren pakean
ez-axolik nago otoitza noiz utzi.
Xaguxar bat egan bekoki gaiñean…
lurrean nagola dioket igerri.
Murgiltzen naiz berriz beta paketsuan,
jardunean egon, egonean ari.
Katu elur-margo, marrakaz isatsa
legunduz, atea zaiodan zabali,
eizetik irten da; atzarriz berriro,
lurrean nagola dioket igerri.
(…)
Getsemani, nere min-ondo
Miñ-aurrearen ikara! Miñaren larripena!
Miñ-ondo aundiak ba du atsegin bat ostena.
Min-lekua legunkatuz artzen dan atsedena
esateko bakar da gai miñ aundiz egon dena.
Giltzapera nindoola esku lotuak burniz,
arren, lasaxegotzeko esatear egon niz.
Makurrago gerta-bildur, ixil jasan dut anitz.
Etziramon goxoa nun, ukaraiak igurtziz.
Ez dakit noiz arte, baiña jun ziran nere miñak
Baratzan Jaunaren aien aldean ez samiñak;
baiñan Arenak sumatuz esan ditezke ziñak,
miñ-ondoaren goxoa jastatzeko egiñak.
Urteroko Garizuman au dut nere xokoa,
zazpi urtez ain samiña, zazpi laukoz goxoa.
Zuretzat izan zan miña, neretzat miñ-ondoa.
Zernai gaitz gerta dakidan, Getsemani’n gogoa.