Erromantizismoa

Erromantizismoaren ezaugarriak bost ataletan.
Erromantizismoa zer den
Erromantizismoa Erresuma Batuan eta Alemanian XVIII. mendearen amaieran sortu eta XIX. mendean zehar garatu zen mugimendu artistiko, literario, kultural eta politikoa da, Ilustrazio eta Neoklasizismoko arau aristokrata, sozial eta politikoen aurkako mugimendu iraultzailea.
Pentsamendu eta idazkeraren askatasunagatik irudimen eta subjektibitatea dira mugimenduaren joera bereizgarrienetakoak: sentimenduaren garrantzia gailentzen da.
Literaturatik abiarazitako mugimendua izan zen, XIX. mende osoa hartu zuena, baina azkenean espazio literarioa errealismoarekin partekatu zuen.
literatura
Idazkera herrikoiago eta mistikoagoa zen idazle erromantikoen gogoeta.
Nahi hori nabarmena zen Wordsworth eta Coleridge-n Lyrical Ballads lanean jada, 1709an. Autore bi horiek idatzitako hitzaurre erabat famatuan eguneroko bizitzan gertatzen ziren gorabeherak giza hizkeran idaztea zuten gogoan.
Baina Wordsworthek aipatu zuen moduan, eguneroko kontuak buruan ezohiko itxuraz ikusi behar ziren, irudimen poetikoaz itxuraldatuak, toki arruntenen misterioak agerraraziz.
Erromantikoen gehiengoak mundu enpirikoa itxuraldatze-prozesu baten hasiera-puntutzat besterik ez zuten ikusten, eta eraldatze-prozesuaren gaitasunari irudimen izena eman zioten.
Garaiko idazleen ustetan, idazkera poetikoaren prozesua irrazionala eta adiezina zen, bitartekorik gabeko adierazkortasunaren produktu zuzena zen.
Wordsworthek berak sentimendu bortitzen bat-bateko gainezkatze moduan deskribatu zuen.
musika
Musikari dagokionez, formak askoz askeagoak ziren, ez Klasizismoan bezain zehatzak eta finkoak.
Melodiak garrantzi handia hartu zuen eta simetria galdu zuen. Gainera, erritmoa askoz malguagoa zen, eta harmonia modulazio asko izaten hasi zen. Dena den, genero musikalak aurreko garaietan landu ziren berberak ziren Erromantizismoan.
Egia da pianoak garai horretan garrantzi handia hartu zuela, eta konpositore askok pianoa musika tresna nagusitzat zutela.Aurrean aipatu bezala, Beethoven Erromantizismoko lehen konpositorea dela uste dute askok.
Bera izan zen lehena Klasizismoko arauak hausten eta bere obretan harmonia modalak eta egitura ezberdinak erabiltzen.
Beethovenek egin zituen obra esanguratsuenen artean, bere sinfoniak ditugu.
Beethovenek garatzen hasitako ideia konpositore askok jarraitu zuten, adibidez, Schubert, Mendelssohn, Brahms, Chopin, Tchaikovsky edo Schumannek.
pintura
Orokorrean, genero artistiko guztiak berritu zituen Erromantizismoak. Erromantikoentzat espiritualitatea, irudimena, fantasia, sentimendua, ametsak, izadiarekiko maitasuna, okultismoaren erakartasuna, eromena… elementu garrantzitsuak ziren.
Bereziki baloratu ziren herri-kultura, elementu exotikoak, beste garaietako artera itzultzea, bereziki Erdi Harora, eta paisaia. Paisaiak protagonismo handia lortu zuen. Arte grafikoek ere garrantzi handia lortu zuten, litografia eta egurrez egindako grabatuak.
Margolaritzan, lehendik Prerromantizismo garai bat eman zen, esaterako William Blake eta Johann Heinrich Füssli. Ondoren, bete betean erromantizismoan kokatuta, izen ugari aipatu daiteke: Hubert Robert, Eugène Delacroix, Théodore Géricault, Francesco Hayez, John Constable, Joseph Mallord William Turner, Caspar David Friedrich, Karl Friedrich Schinkel, Philipp Otto Runge, e.a.
Erromantizismoaren adar alemanar bat eta Alemaniako Pizkundean zein Quattrocento italiarrean inspiratutako Nazaretarrak izan ziren: Friedrich Overbeck, Peter Cornelius, Franz Pforr.
Espainian Genaro Pérez Villaamil, Valeriano Domínguez Bécquer, Leonardo Alenza eta Eugenio Lucas dira aipagarriak.
euskal herria
Erromantizismoak, mugimendu kultural eta espiritual gisa, Euskal Herria izena ematen diogun multzo sozialaren definizioan pisu handia izan zuen.
Berezitasun indibidualak nahiz kolektiboak azpimarratzea (hemendik aurrera H.G. Schenken, 1983 ideiei lotuko gatzaizkio), Euskal Herriaren izaera berezia nabarmentzea, korronte politiko berri baten sorburu bilaka zitekeen.
Ideia erromantiko hori gabe nazionalismoa ezingo litzateke ulertu. Jarrera poetiko nahiz pertsonalen aniztasunaz ohartzea berezitasun horren emaitza izan daiteke, euskal poeta batzuengan, hala nola Azkue eta Arrese Beitiagan, ikus daitekeenez.
Euskal Herrian, teoria erromantikoen industriaren aurkako xenofobia zerion jarrera baserriaren exegesi bihurtu zen. Literaturaren joera landatarrak eta iraganarekiko nostalgiak, XIX. mendeko lehengo poeta Eusebio Azkuerengan jada nabari zena, mendearen amaierarako legendazko literatura sortu zuen.
Luze gabe, Ossianen mitoak euskal elite intelektualetan erroak bota zituen, eta apokrifoak laster azaldu ziren.